Bizkaiko autismoa eta beste autismo espektroaren nahasteak dituztenen gurasoen elkartea
Zer dira AENak?
Gaur egun Autismoaren Espektroko Nahaste (AEN) bezala diagnostikatzen dira garapenaren nahaste orokorrak, zeintzuen ezaugarri nagusia baita, maila handiago edo txikiagoan, hiru eremu hauetako alterazioak izatea:
- Elkarrekiko interakzio sozialaren garapena, funtsezkoa nahastean.
- Ahozko eta ez-ahozko komunikazioa.
- Interesak eta portaerak, oro har mugatuak edo errepikakorrak izaten direnak.
Ezaugarri horiek oso profil desberdinak sor ditzakete pertsona desberdinengan edota pertsona bakar batengan. Adierazleak (gaitasun kognitiboak, ikaskuntza edo esperientzia…) aldatu egiten dira adinarekin. Horregatik deitzen zaio autismoaren espektroa, pertsonak eta alteratutako eremuak oso anitzak eta aldakorrak direlako. Laguntza eta esku-hartze planak bizi ziklo osoan zehar luzatzen dira eta eboluzionatu egiten dute norbanakoak izandako aurrerapenen arabera, bizi kalitatearen hobekuntzan oinarritzen direlarik.
Kausak
Jatorriari dagokionez, batetik pentsatzen da genetikak eragin handia duela eta hainbat generen inplikazioa ikertzen ari dira, baina bestetik, genetikaren eta ingurumenaren arteko elkarreragina ere aztertzen ari dira, kasu guztiak ez baitute zertan herentziazkoak izan. Ez dago harreman kausalik gurasoen jarrera edo portaeren eta AEN-en artean eta, beraz, jatorriari buruzko ikerketa gehiago zuzentzen da mekanismo biologiko eta organikoetara.
Estatistikak
Kasuen %10ean bakarrik identifikatzen dira nahastearekin lotutako bestelako gaixotasunak (X ahula, neurofibromatosia, esklerosi tuberosoa…) edo jaio aurreko ingurumen gertakariak (errubeola, medikamenduak…).
Ikerketek erakutsi dute 10.000 pertsonako 10-20 lagunek jasaten dutela AENren bat. Azken urteetan Europan egin diren ikerketa epidemiologikoen arabera, 10.000 haurretik 60k dute AEN-ren bat; zenbateko handia da, baina bi arrazoi daude horretarako: baliteke kasuak ugaritu izana baina egia da baita ere kasu gehiago detektatzen direla. Nahastea askoz ere ohikoagoa da gizonengan emakumeengan baino, 4tik 1erako proportzioan.
Sailkapena
- Autismo nahastea
- Rett nahastea
- Haur-nahaste desintegratiboa
- Asperger nahastea
- Zehaztu gabeko garapenaren nahaste orokorra
- Autismo atipikoa
- Nahaste hiperzinetikoa
Inoiz «psikosia» eta «haur-eskizofrenia» bezalako terminoak erabili izan diren arren nahaste horiek aipatzeko, datu askok adierazten dute garapenaren nahaste orokorrak ez direla eskizofrenia.
Erreferentziazko testuak
- DSM-IV eta CIE-10 nazioarteko sailkapenak
- AEN-ei buruzko dokumentu ofiziala – Europako Autismoa – 2008







